|
Ingurumen-inpaktu hori ez da bakarrik
inguru naturalari jasanarazten zaiona (oro har, inguru naturala
baino ez baita ingurumentzat hartzen), gizakiok bizi garen ingurune
osoak nozitzen duena baizik (maila guztietako giza harremanak, hau
da, harreman sozialak, politikoak eta pertsonen artekoak, ingurunearen
barruan hartuta).
XX. mendearen azken laurdenean, kontsumoak
hazkunde harrigarria izan du, bai kantitateari, bai banaketa desorekatuari
dagokienez: herrialde industrializatuetan, kontsumoa %2,3 hazi zen
urtean pertsonako; Asia ekialdean, igoera %6,1ekoa izan zen, eta
Asia hegoaldean, %2koa. Txanponaren beste aldean Afrika dago: maila
ertaineko etxeetan %20 gutxiago kontsumitzen da. Herri industrializatuek,
munduko biztanleria osoaren %15 batzen dutelarik, energiaren %70,
metalen %75, zuraren %85 eta janarien %60 kontsumitzen dituzte.
Datuok Nazio Batuen Garapen Programak argitaratutakoak dira, Erakunde
horrek, Giza Garapenari buruzko urteroko txostenean, kontsumoa landu
baitzuen. Txosten horren arabera, kontsumo neurrigabeak areagotu
egiten du aberatsen eta pobreen arteko aldea. Hots, gure gizarte
global hau kontsumo-gizartea da, baina, beste alor askotan bezala,
gauzak ez dira berdinak guztiontzat, eta ezberdintasunak areagotu
egiten ari dira: mila milioi inguru biztanle (munduko biztanleriaren
seiren bat) dituzten 70 herrialdetan, batez besteko kontsumoa 70eko
hamarkadaren erdian baino txikiagoa da.
AZTARNA EKOLOGIKOA
Izen metaforiko hori gure bidean ingurumenean uzten ditugu
arrastoez mintzatzeko erabiltzen da. Datuei begiratuta, biztanleriaren
bostena osatzen dugunon aztarna Atilaren zaldiarenaren modukoa da,
hitzez hitz. Eta arrastoa berdin nabaritzen da suntsitzen duguna
zein sortzen duguna kontuan hartuta. Kontsumo-ondasun esaten diegun
horiek fabrikatzeko, lehengaiak (metalak, zurak, mineralak...) ez
ezik, oinarrizko materialak eta erregaiak (petrolioa, gasa, ura)
ere erabiltzen dira. Lehengai batzuk ez dira berriztagarriak, eta
beste batzuk, ordea, bai, baina ez, behintzat, suntsitzen ditugun
neurrian. Gainera, fabrikazio-prozesuak eta kontsumoak naturak ezin
birzikla ditzakeen –erritmo horretan, behintzat, ez– hondakinak
(solidoak, likidoak eta gaseosoak) sortzen dituzte, eta horiek ere
nabarmenki lorrintzen dute ingurumena.
Ingurumena entzutean, ez dugu lore-baratze
bakartirik imajinatu behar: Lurra populaturik dago. Narrio ekologikoek
eragina dute gizakiongan, bai etorkizunekoengan, bai oraingoengan,
eta, paradoxa bada ere, eragin handiagoa nozitzen duten narrioan
parte-hartze txikiena dutenek gehien lorrintzen dutenek baino. Ondasunak,
modu batean edo bestean, erregai fosilen errekuntza behar duten
jarduerekin lotzeko gure zaletasun handiegiak argi erakusten ditu
munduko biztanleriaren zati baten ohitura kontsumistek dakartzaten
ondorioak. Gogoratu lehengai berriztaezin bati buruz ari garela
(milurtekoak behar izan ziren eurak osatzeko), euren erauzketa oso
garestia dela eta oso kutsagarriak direla.
Basamortutzeak,
deforestazioak, lurzoru-galerak eta, finean, pobreenak pobreago
egiten dituen ingurumen-narrioaren agerpen guztiek zerikusi handia
dute klimen aldaketarekin eta negutegi-efektuarekin, petrolioarekin
oso lotuak biak, hain zuzen ere. Kalkuluen arabera, gizateriaren
bostena, gutxi gorabehera, basamortutzearen mehatxupeko eskualde
idorretan bizi da, eta 1.000 milioitik gora pertsonak ez dauka edateko
urik; kopuru hori ia bikoitza da, saneamendu egokiko urik ez dutenak
zenbatzen baditugu. Datuok pertsona horien guztien elikaduran eta
osasunean dituzten ondorioak erraz imajina ditzakegu, batez ere,
hezkuntzarako eta oinarrizko zerbitzuetarako irispideari eta bizi-kalitatea
osatzen duten gainerako alderdiei erreparatuta. Urtero, erregai
fosilek atmosferara isurtzen diren 24 milioi tona karbono dioxidoren
lau bosten eragiten dituzte. Europako biztanle bakoitzak, urtean,
1,9 tona CO2 igortzen ditu atmosferara; Ipar
Amerikako herritarrak, berriz, 5 tona eragiten ditu. Atmosferak
zama hori jasan ahal izateko, Planetako biztanle bakoitzak, urtean,
gehienez, tona erdia CO2 igor lezakeela kalkulatu
da. Une honetan, Amerikako Estatu Batuek CO2
isurpen guztien ia laurdena eragiten dituzte. Ondo dakigunez, herrialde
horrek ez du Kiotoko Protokoloa, hau da, isurketa horiei guztiz
zentzuzkoak diren mugak ezartzeko hitzartutako akordioa, sinatu
nahi izan.

Kafearen
prezioekin lotuta etorri berri den krisiak ondo erakusten du nolako
eragina
duten finantza-merkatuen erabakiek hirugarren munduan.
Gerrak non, petrolioa han, dio El
Roto-ko pertsonaia batek, zuzen-zuzen. Ez zen hori baino okerrago
ibili Bush presidentea, aita, Estatu Batuetako soldaduak Golkoko
Lehenengo Gerrara amerikarren bizimodua defendatzera zihoazela azaldu
zienean herritarrei. Bob Dylanek barka nazala, baina denborak, gauza
batzuetan, ez dakar aldaketa handirik. Hori ez da gerrek ingurumenarekin
lotuta erakusten duten alderdi bakarra, baina gure kontsumo-ohiturekin
zerikusirik handiena dutenetako bat da.
PROTOZOOAK ALA HERRITARRAK?
Iparralde aberatseko (eta kontsumistako) biztanleok errealitateari
bizkarra emanez bizi gara, baina harri-jasak geu ere harrapatzen
gaitu. Oso esanguratsua da, guri buruz hitz egiten dutenean, "kontsumitzaileak"
aipatzea. Izendura horrek nahiko modu zehatzean –eta adierazgarrian–
definitzen du gurea nolako gizartea den: kontsumo-gizartea, eginkizun
sozial eta jomuga pertsonaltzat irenstea duten izakiak baikinen.
Horren arabera eraikitako gizartea ezin da guztiz demokratikoa izan:
gero eta maizago aipatzen da herritar kontsumitzaileok dugun boterea,
baina gu lausenguz limurtu eta erakartzeko helburua duen publizitate-mintzaira
hori nahiko susmagarria da. Bestela, zertara dator askatasuna telefono
mugikorrarekin, edo onespen soziala automobilarekin lotzea? Horixe
da eduki nahi dugun boterea?
Izan ere, egia da kontsumitzaileok,
katearen azken maila izateagatik, geure boterea erabili egin behar
duguna, baina ondasun eta zerbitzuen ekoizpen-prozesuari zentzua
ematen dion boterea izan behar du horrek. Botere hori, bizirik irauteko
kezka hutsetik harago, geure eskuetan dago, nolabaiteko ongizate
ekonomikoa daukagun Iparraldeko biztanleon eskuetan, alegia, berton
kontsumoa balio-sistema, bizimodu, jokamolde eta legitimazio sozialerako
bide bihurtu da eta. Gauzak metatzearen eta mota guztietako zerbitzuetarako
irispidea izatearen azken helburua ez da beharrizan materialak asetzea
–elikatzeko janaria, eguraldiaren gorabeheretatik babesteko jantziak,
lekualdatzeko ibilgailuak...– (1)
Kontsumo-gizartean, objektuen helburua
beste gabezia batzuek eragindako antsietatea baretzen saiatzea da,
Erromako Klubaren txostenean aipatzen denez (El Rotoko beste pertsonaia
batek dioenez, baliteke gu hondamendirantz joatea, baina, zelako
autoak dauzkagun!). Ildo horretan, hauxe da txosten horrek, Lurreko
biztanle guztien esku dagoen garapen jasangarria lortzeko, egiten
dituen sei proposamenetako bat: herrialde aberatsetako herritarrok
ez ematea erantzun materialik material ez diren beharrizanei.
Kontsumoa kultura bihurtu duen gizarte
honetan, gai horren gaineko erabakiak ez dira norbanakoaren moralaren
esparrukoak, aukera politikoen arlokoak baizik, ikuspunturik zorrotzenetik
begiratuta; izan ere, erabaki horiek eragin handia dute ondasunen
banaketan eta gizarte honetako kideok geure harremanak eratzeko
darabiltzagun jokabideetan.
Hortxe agertzen da modurik nabarmenenean
hezkuntzak kontsumoarekin duen loturaren garrantzia, hau da, herritarren
hezkuntzaren garrantzia.
|
|
Kontsumorako eta parte-hartzerako
hezkuntzaz mintzatu beharko genuke, azken finean, gure gizartea
euren erantzukizun pertsonal eta kolektiboa onartzen duten herritarrek,
historiako subjektuek, osatzen duten neurrian, ezin diegulako entzungor
egin geure ekintzei edo ez-egiteei.
Kontsumorako hezkuntzak, izen hori
merezi izateko, sarritan ezkutuan edo ezkutatuta dauden benetako
harreman horiek argitzen lagundu behar du, batez ere. Beraz, helburua
gure munduaren konplexutasun osoa ezagutzeko datuak eta argibideak
biltzea da, azterketan oinarrituta eta inozotasunik gabe. Adimena,
sentikortasuna eta interesak ireki egin behar ditugu, ahalik eta
errealitate-zatirik handienak, unibertsalenak eta gizaki guztiengandik
hurbilagoak sar dakizkigun.
Kontsumorako heztea ez da bakarrik
kalitate/prezio erlazioa sakon aztertzea. Ala bai? Baliteke hala
izatea, betiere kalitate kontzeptua zabaldu eta gizakion bizi-kalitatearen
baitan begiratzen badiogu eta, prezioa diogunean, dirua ez ezik,
beste lurralde batzuetako pertsonak eta etorkizunean egongo direnak
ere hartzen baditugu aintzat. Adibidez, bizimodu fisikoen, kulturen,
ikuspuntuen eta abarren aniztasunean ordaintzen dugun prezioa.
Oso garrantzitsua litzateke merkatuaren
funtzionamendua, asoziazionismoa, sakontasun handiagoz aztertzea:
produktuak nondik datozen, nola ekoizten diren, nola merkaturatzen
diren, eta abar, gauza garrantzitsu bat ahaztu gabe, alegia: kontsumitzaileek,
banan-banan eta, are hobeto, elkartuta, herritar diren aldetik dagozkien
eskubideak eta erantzukizunak erabiltzeko daukaten boterea.
Konponbidea ez da giza generoarentzat
onuragarri diren errepresioen zerrenda egitea. Askoz egokiagoa litzateke
sentikortasuna eta interesak aldatzea, hots, beste
plazer batzuei atea zabaldu eta orain dauzkagunak edo nahi ditugunak
zalantzan jartzea eta gauzak eta pertsonak baloratzeko irizpideak
eta balio indibidual eta kolektiboak sakon aztertzea, gure garai
honetan, horiexek direlako kontrol sozialerako bitartekorik onenak.
Nolako kontsumoa, halako pertsona bete egiten dela uste badugu,
ezer gutxi egin daiteke kontsumo-hezkuntzan.
Nola erosi hobeto, ingurumena
horrenbeste ez lorrintzeko:
- Erosi erabili eta itzultzeko beirazko
ontziak. Beira berriro erabiltzeak ia ez du produktua garestitzen.
- Erosketa egitera zoazenean, eraman
zeure otzara edo poltsa. Ez erabili botatzeko poltsak: horien
erabilera laburrak ez du justifikatzen ingurumenari dakarkioten
kostu handia.
- Ez erosi poliestirenozko azpiletan
ontziratutako janaririk, ontziok birziklaezinak eta kutsagarriak
dira eta.
- Ahal dela, ez erosi aluminiozko
ontzietan datorren produkturik. Ez erosi latetan eta tetra-briketan
merkaturatuko edaririk. Aluminioaren ekoizpena eta birziklapena
oso kutsagarriak dira.
- Erabili ahalik eta pila gutxien.
Beste biderik ez baduzu, erabili bateria kargagarriak.
- Erosi janari fresko eta naturalak,
eta, ahal dela, inguruko ekoizleenak, eta ahalik eta bilgarri
gutxien dituztenak. Manufakturatutako janari askok elikagai esentzial
gutxi dituzte.
- Erabili garbigarri ekologikoak.
Dagoeneko, ez tentsioaktibo ionikorik ez fosfatorik ez daukaten
garbigarriak eros daitezke.
- Eskatu landare-produktu biologikoei
buruzko informazioa. Askoz osasungarriagoak dira, bai kontsumitzen
dituztenentzat, bai ingurumenarentzat.
- Izan kritiko publizitatearekiko.
Batzuetan, gezurra esaten da, produktuek ingurumenari ekartzen
omen dizkieten onurak azaltzean.
- Erosi etxetresna elektriko ekologikoak.
Gaur egun, urik xahutzen ez duten garbigailuak eta CFCrik ez daukaten
hozkailuak saltzen dira.
|