|
| Bidezko
merkataritza |
|
Bidezko
merkataritza
|
|
Ziurraski, zuetako
askok izan duzue noizbait Bidezko Merkataritzaren berri. Bidezko
berbak abstraktua badirudi ere, elkarte eta GKE asko dabiltza Hirugarren
Munduko herrietako ekoizleek euren lanarekin bat datorren soldata
jaso dezaten lortzeko borrokan. Beste helburu batzuk ere lortu nahi
dituzte, hala nola ekoizleontzako bizimodu duina, gizon eta emakumeen
arteko berdintasuna, ingurumenarekiko begirunea eta abar.
|

Ekoizleek
bitartekoek baino mozkin handiagoak ateratzea beharrezkoa da.
|
|
Herri txiroetan ekoiztutakoak inportatzen
dituzten multinazional handiek, herri ekoizleen pentzudan, mozkinak
bidegabeki gizentzeari utz diezaioten lortzeko borroka ez da batere
samurra; batez ere, kontsumitzaileok, zeharka, esplotazio horretan
parte hartzen segitzen dugula kontuan hartuta.
Ertamerikako edo Afrikako herri asko
euren kafe-ekoizpenaren menpe bizi dira; hala ere, hauxe da mozkinen
banaketa: %93, kafe-enpresa eta bitartekarientzat, eta %7, kafe-landareak
hazten dituzten nekazarientzat. Zeuk ere lagundu ahal duzu egoera
hori aldarazten. Adibidez, Intermonek
—behean aipatuko ditugun beste elkarteak beste— parte hartzeko aukera
ematen duten hainbat kanpainetan dihardu: Comercio con Justicia
erakusketa ibiltaria martxoan eta apirilean zehar igaroko da gure
Erkidegoko hirietatik. Eskatu Intermonen kanpaina horren datei buruzko
informazioa, eta parte hartzeko aukera ematen duten beste kanpaina
edo jardueren berri ere.
|
ADSIS
Equimercado
Fundazio honek
Latinoamerikan Bidezko Merkataritzaren alde lan egiten duten
hainbat GKE hartzen ditu barne. Boluntarioen proiektuetan
parte hartzeko, 16 urtetik gora izan behar duzu.
ARABAN
Pintore
kalea, 27, etxabea.
01001 Gasteiz .
Tfnoa: 945 286 358.
vitoria@fundacion.adsis.org
BIZKAIAN
Ibañez
de Bilbao, 15, solairuartea.
48009 Bilbao
Tfnoa: 944 240 881.
bilbao@fundacion.adsis.org
GIPUZKOAN
San Pedro
hiribidea, 13, etxabea.
Donostia.
Tfnoa: 943 400 021.
www.adsis.org
kontadores@fundacion.adsis.org
INTERMÓN-OXFAM
Urkixo
zumarkalea, 11.
Bilbo.
Tfnoa: 902 330331.
www.intermon.org
|
|
EMAUS/EREIN
Elkarte honek
ere denbora luzea darama Bidezko Merkataritzaren aldeko lanean.
Informazio-kanpainak eskaintzen dituzte ikastetxe eta unibertsitateetan,
eta boluntarioentzako prestakuntza-ikastaroak ere antolatzen
dituzte.
BIZKAIAN
Mazustegui, 21-25.
48006 Bilbao. Tfnoa:944 790 737.
bilbao@emaus.com
GIPUZKOAN
Ubako bidea, 37.
20014 Donostia-San Sebastián
Tfnoa: 943 454573.
www.emaus.com
fundacion@emaus.com
MERCADECO
Irabazi
asmorik gabeko elkarte honek Bidezko Merkataritzaren aldeko
kanpaina eta proiektuetan laguntzeko boluntariotza sustatzen
du.
ARABAN
Nieves Cano, 55.
01006 Gasteiz. Tfnoa: 945 232 470.
BIZKAIAN
San Felizisimo
plaza, 1.
48014 Bilbao. Tfnoa: 944 763 055
www.arrakis/mercadeco
mercadeco@arrakis.es
GIPUZKOAN
Geltoki kalea,
24.
20301 Irun. Tfnoa: 943 616 540.
|
|
 |
 |
 |
 |
| Komikiak |
 |
 |
Mafalda,
denboraz kanpora
Mafalda.
Tiras de Quino. Lumen. |
|
Mafaldaren
komikiak hainbat belaunaldiren baluarte ideologikotzat har daitezke.
Nork ez du ezagutzen edozeren gaineko galderak egiten dituen beltzaran
txikia? Baina ez du erantzunik aurkitzen, ez bere familian, ez bere
lagunen artean, ez eskolan; hala ere, ez da fidatzen, eta heldu
asko baino askoz kritikoagoa da inguruan duen guztiarekiko. Mafalda
kontsumismoaren aurka, gerraren aurka, inperialismoen aurka dago...
Baina ezin Mafaldaren aurka egon. Bere kultura-erreferentziak eta
zuenak ezberdinak izan arren, burutxo pentsalari hori eta Quinoren
istorioetako gainerako pertsonaiak (Susanita, Manolito...) denboraz
kanpokoak dira. Euren inozotasun adimentsuan oinarrituta salatzen
dute munduko desordena, eta egunotan pil-pilean dauden hainbat eta
hainbat arazo larri kontuan hartuta, ez da gutxi salatu beharrekoa.
|
|
|
 |
 |
| Liburuak |
 |
 |
|
Batere
ume ez direnentzako ipuinak
Cuentos
Gabriel García
Márquez. Carme Solé Vendrell
irudiekin
Susaeta. Madril, 2001.
|
|
Kolorezko irudiz apaindutako
sei kontaketak osatzen duten antologia hau erabateko festa da zentzumenentzat.
Idazle kolonbiarraren idazkera bereziari esker, hainbat sentsazio
bizi ahalko dituzu: eguerdiko beroa herrixka bakarti batean, zirimiriak
zinkezko teilatuan ateratzen duen hotsa, lore-sorta baten lurrina...
(bereziki gomendatzen dizuegu La siesta del martes izenburuko kontaketa).
Oraindik asmatu gabe dago Literaturako Nobel Saria jaso zuen idazle
honen literatura maila ordeztu ahal duen bideo-jokoa edo telesaioa.
Merezi du umeak protagonistatzat dituzten istorio horietan sartu
eta bertan luzaroan geratzea.
|

|
|
 |
 |
| Irratsaioa |
 |
 |
|
Beste lurralde batzuetako ekipajeak
Viento
Sur
(Radio
3. Larunbatero, 10:00etatik 11:00etara)
|
|
Inmigrazioari buruzko Legea,
Atxiloketak Tarifan, Zortzi pertsona hilda patera batean Lanzaroten...
Behin baino gehiagotan entzun dituzue horrelako tituluak, ezta?
Hala ere, inmigrazioak telebistan edo egunkarietan erakusten zaizkigunez
beste aurpegi asko ere baditu: Estatura era askotako arrazoiek bultzatuta
etortzen diren pertsonena, hain zuzen ere. Radio 3ek larunbat goizetan
emititzen duen programa horretan, euren bizitza beste norabide baterantz
zuzendu nahi duten gehienentzat ikaragarri bihurtzen ari den errealitatearen
beste ikuspegi batzuk ezagutzeko aukera izango duzue. Pertsona horien
musiken, ohituren eta abarren berri izango duzue, eta nola edo hala
lagundu nahi duenak elkartasun-bide, boluntario-sare eta antzeko
elkarteekin harremanetan jartzeko modua ere aurkituko du bertan.
|
|
 |
 |
| Saretik
bueltaka |
 |
 |
|
Kontsumo
kritiko eta arduratsua
www.pangea.org/spie/selba/EconomiaConsumo.htm
Pentsatu duzue inoiz
nondik datozen kontsumitzen ditugun produktuak, edo zer baldintzatan
egiten duten lan produktuok ekoitzen dituzten langileek? Merkatuko
produktuak aukeratzean alderdi horiek eta beste batzuk (ingurumenaren
degradazioa, esaterako) aintzat hartzea kontsumo kritiko eta arduratsuzko
ekintza litzateke. Agidanez, enpresa batek ere ez du bere etiketetan
iragartzen zenbat hektarea baso tropikal suntsitu dituen; baina,
beste erakunde batzuen bitartez, multinazional askok erabiltzen
dituzten lehengaien jatorria ezagutzeko aukera izango duzue. Gune
honetan, besteak beste, kontzientziazko boikota eta boikot estrategikoa
zer diren azaltzen da.
|
|
|
Aurrezteko eta ingurumena zaintzeko aholkuak
www.enbuenasmanos.com
"En buenas manos"
atariak kontsumo arrazionalean oinarritutako hainbat aholku ematen
ditu, etxean aurrezteaz gain, ingurumena hobetzen lagunduko digutenak.
"Ekologia" atalean, garapen jasangarria, nekazaritza ekologikoa,
kutsadura eta beste gai interesgarri ugariri buruzko sailetarako
sarbidea aurkituko duzue. Ekoizpen katearen barruan, garrantzi handiko
beste alderdi bat aurkezten zaigu: hainbestetan salatu izan den
haur-esplotazioa; "Solidaridad" izenburuko atalak multinazional
batzuek ume askori jasanarazten dizkieten ankerkerien berri ematen
du.
|
 |
|
Gure aztarna ekologikoa
www.vidasostenible.com
Geure buruari eguneroko
kontsumoarekin eta horrek ingurumenari dakarzkion ondorioekin lotutako
galdera batzuk egin beharko genizkioke. "Vida Sostenible"
deritzon web guneak kontsumoaren alferrikako alderdiak detektatzeko
xedea du, bai etxe barruan, bai etxetik kanpo. Horretarako, inkesta
interaktiboan parte hartzera gonbidatzen zaituzte. Bere atalik garrantzitsuenak
"huella ecológica" eta "paseo por casa"
izenburukoak dira. Azken horretan, sukaldean, bainugelan eta etxeko
beste geletan zeharreko ibilaldia egiten du, bertako kontsumoa eta
sortzen ditugun hondakin motak aztertzeko. (Ikus "Kontsumitzaile
ala kontsumista?" izenburuko Batxilergoko fitxa).
|
 |
|
Punttu
berdea
Arkaitz Estiballes Galdakaon
jaio zen 1977an eta bertako Ikastolan hasi zen bertsotan. Bertso
idatzietan eta bat-bateko jardunean hainbat sari irabazi ditu.
Egun, herririk herri kantatzeaz gain bertso-irakasle dabil hainbat
tokitan.
Neurria: Hamarreko txikia.
Doinua: Lagundurikan denoi
Zapatillak "Adidas",
jertsea "Astore",
"Nike"en niki urdina,
"Reebok"en bi more,
prakak sei pare "Levis",
lau "Liberto" ere,
erosi eta ezin
armairuan gorde,
zentzunez erostea
ez ote da hobe?
Telebistak edozer
saldu arren errez
ez dezala pentsatu
berak gure ordez,
munduko lehengaiak
urriak direnez
kontsumitu aurretik
jokatu zentzunez:
pentsatu zer erosi
ta zer erosi ez!
|
 |
 |

|


|