_

 


Denon Eskola Arabako Eskola Publikoko Federakundea da. Herri Eskola, Fapaes Lehen Hezkuntzako Federakundea eta Bigarren Hezkuntzako Federakundea batzearen eta ikastolek horiekin bat egitearen emaitza da eta Arabako IGE gehientsuak hartzen ditu barne.

Irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta bere helburu nagusia eskola publikoko ikasleen gurasoek ikastegien funtzionamenduaren arlo guztietan parte hartzeko duten eskubidea defendatzea da. Euskal Herriko kulturan sustraiturik dago eta sen kritiko askea garatzea, desorekak gainditzea eta aniztasuna integratzea ahalbidetuko duen kalitateko irakaskuntza humanistiko eta zientifikoaren alde dihardu.


Nola sortu zen ikasliburuak birziklatzeko ideia?

Denon Eskolak aspaldidanik taxutu zuen derrigorrezko irakaskuntzako testuliburuak dohainik lortzeko aukera. Ikasgeletako mahaiak, ezinbestekoak izan arren, ordaindu behar ez baditugu, liburuak ere ez ditugu geuk ordaindu behar, herri-administrazioek hartu behar baitute euren gain baliabide horren hornikuntza. Bestalde, liburuen berrerabilpena beharrezko eta hezgarritzat hartzen dugu, liburuek urtero paper-biltontzietan edo apalategietan amaitu ez dezaten, batez ere, beraien kostu ekonomikoa eta ekologikoa kontuan hartuta. Gure ideia Gasteizko Udaleko Hezkuntza Sailari helarazi genion, eta horrek oso harrera ona egin eta Liburtxo kanpaina itxuratu zuen.

Zertan datza kanpaina?
2002ko ekainetik 2003ko ekainera bitarte garatzen ari diren hainbat fase ditu. Lehenengo fasean, komunikabideei, gizarteari eta ikastetxe eta familiei aurkeztu zaie kanpaina. Geroago, bilerak egingo dira familia guztiekin, proiektuaren berri emateko. Hasieran, Denon Eskolak IGEei planteatu zien proiektua, eta horiek euren ikastetxeetako guraso guztiak informatzeko konpromisoa hartu zuten. Horren helburua, kanpainarekin bat egiten duten ikastetxeetan, beste ikasle batzuek berrerabiliko dituzten ikasliburuak batzeko sistema eratzea da, ikasle guztiek erosi behar izan ez ditzaten. Era berean, interesa duten familiek kanpainarekiko atxikimendua erakusteko agiria sinatu dezaten bultzatuko dugu. Kanpainaren identifikagarria liburu itxura duen Liburtxo maskota txikia da, eta horren irudia erakusten duten imanak banatuko dira, etxean ikusgai edukitzeko: horrela errazago gogoratuko dugu ikasturtean zehar liburuak zaindu egin behar direla, behar ez diren marrazkirik egin eta oharrik idatzi gabe, eta estalkia jartzea komeni dela, beste ikaskide batzuek berriro erabili ahal izan ditzaten. Ikasturtean zehar, hezkuntza-komunitateko kide guztiak liburuak zaindu eta konpartitu beharraz konbentzitzeko lana egingo da, ahalik eta gehienek parte har dezaten.

Zein helburu lortu nahi dira?
Oinarrizko helburua ikasliburuak birziklatu egin behar direla kontzientziatzea da, horrela ez egiteak dakarren kostu ekonomiko eta ekologikoa saihesteko. Bestalde, baliabide naturalen erabilera arrazionalaren alde jardun beharraz ohartarazi nahi dugu jendea (liburuen kasuan, zuhaitzen mozketari dagokionez) eta, aldi berean, jabetza partikularretik jabetza komunitariora, eta kontsumismotik arrazionalizaziora igaro. Era berean, argitaletxeak eskolaren zerbitzuan egon daitezen lortu nahi dugu, alderantziz izan beharrean: geure helburuak azalduko dizkiegu, liburu berrerabilgarriak argitara ditzaten.

Zer egin beharko lukete kanpainan parte hartu edo antzeko bat antolatu nahi duten elkarteek?
Lehenbizi, ikastetxeko IGEarekin edo zuzendaritzarekin harremanetan jarri. Proiektu honek guztion inplikazioa eskatzen du. Irakasleek laguntzen ez badute, are zailagoa izango da gauzatzea. Gainera, kanpainaren aitzakiaz, ingurumenarekin lotutako hainbat gairi buruz hitz egiteko aukera sortuko da.

Zein beste helburu garatzen ditu Federakundeak ingurumenari dagokionez?
IGEen eta Eskolako Kontseiluaren bitartez, ikastetxean Osasun eta Ingurumen batzordearen eraketa sustatzen dugu. Zeharkako arloen artean, ingurumen-hezkuntza lantzean, pentsamoldeak, jarrerak eta ohiturak aldatzen lagunduko duen ikuspegi praktikoa lortu nahi dugu, ideien eta datuen azalpen teoriko hutsaren ordez.

       
aurkezpena | gaia zabaltzen | agenda | bitakora kaiera | guztiok elkarlanean | eko-auditoretza
ekin eta ekin | bizkor ibili gero! | begiratokia | klasetik at | eta gurasoek...zer? | baliabideak eskura | PDF

sarrera|egon badago|aurkezpena|aurreko zenbakiak|harpidetza|zure iritzia

IHITZA. Eskola ekologikoa eraikitzen.

seleccion_idiomas

 

 

CEIDA. Ingurugiroarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta lkerketarako Ikastegiak.


Azken eguneratzea: 2003/04/15.
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA.
LURRALDE ANTOLAMENDU ETA INGURUMEN SAILA.
homepage indice