ANTIMIKROBIANOEN PRESKRIPZIOAREN ALDAKORTASUNA ETA EGOKITASUNA EBALUATZEA, EUSKAL HERRIKO AUTONOMIA ERKIDEGOKO LEHEN MAILAKO ATENTZIOAN

SARRERA

Gaixotasun infekziosoak dira morbilitate-zergatirik behinenetariko bat gure inguruan; bestalde, gaixotasun horiengatik jotzen da batez ere kontsultetara, bai medikuntza orokorrean (% 20 baino gehiago) bai pediatrian (%40).

Lehen Mailako Atentzioan (LMan) antibiotikoek (ATBek) osatzen dute gehien preskribatzen den farmakologia-taldea; izan ere, preskripzio guztien %10-%15,2 bitartekoak preskripzio antibiotikoak dira. LMko preskripzioa ATBen kontsumo totalaren %90a dela estimatu da.

ATBen larregizko kontsumoa eta preskripzio desegokia direla-eta osasun publikoan gertatzen diren ondorio larriak hauek dira: erresistentziak agertzea, efektu toxikoen eta efektu sekundarioen esposizioa, morbilitatea gehitzea eta abar. Halaber, gastua premiarik gabe gehitu egiten da.

Espainian erresistentzia bakterianoak altutzat jo daitezke. Bestalde, erresistentzia-patroi ezberdinak daude zona geografiko ezberdinen arabera, Autonomia Erdidego bakoitzaren barruan ere ezberdintasun horiek gertatzen direlarik.

Antimikrobianoak behar bezala preskribatzea erakunde nazionalen eta nazioartekoen lehentasuna da (Osasun Ministraritzaren eta OMEren lehentasuna). Behar bezalako preskripzioa hobetzeko proposatzen diren gomendioen artean hauek azpimarratzen dira: batetik, profesionalen preskripzio-mailak ezagutzea, eta bestetik, aipatutako preskripzio-maila horiek prozesu ezberdinetara egokitzea.

Zenbait azterlanen arabera frogatuta dago preskripzio arrazionalagoa lortzen dela, bai eta tratamendu eraginkorragoak ere, prestakuntza mediko iraunkorreko interbentzioei esker, terapeutika antimikrobianoaren arazo lokaletan oinarriturik egindakoei esker hain zuzen. Bestalde, programa horiek efikazak izateko, zentro bakoitzeko ohiko jardueren parte izan behar dute, eta erresistentzien eboluzioaren arabera eta antibiotikoak kontsumitzeko joeren arabera berrikusi eta eztabaidatu egin behar dira.

Estrategia horiek koordinazio iraunkorra eta eraginkorra behar dute, edo beste modu batera esanda, ondokook koordinatu behar dira: preskriptoreak (familiako medikuak eta pediatrak) eta zonako antibiotikoen politikarekin erlazionatutako profesionalak, hots, mikrobiologoak, LMko farmazialariak eta epidemiologoak.

Antibiotikoen erabilera-profilei buruz gure Erkidegoan oraintsu egindako ebaluazioen arabera, eskualde batetik bestera alde handia ikusten da; are gehiago, eskualde bateko zentroen artean ere diferentziak ikusten dira.

Azterlan honen helburua hauxe izan da: ATBen preskripzioan gure Autonomia Erkidegoan dagoen aldakortasuna eta egokitasuna aztertzea, bai eta erresistentziak ebaluatzea eta premiarik gabe preskribatutako antibioterapiaren kostu ekonomikoa ebaluatzea ere. Arazoa kokatzeko azken 10 urteotako EHAEko morbilitate infekziosoaren eta preskripzio antibiotikoaren eboluzioa ere aztertu da.

MATERIALA ETA METODOAK

Jarritako helburua lortzeko 6 azterlan ezberdin egin dira 1998ko urtean zehar.

  1. 1986-1996 aldiko EHAEko morbilitate infekziosoaren eboluzioa aztertu da
    Urteko intzidentzia-tasak kalkulatu dira. Kalkulu hori egiteko intzidentzia-tasok Adierazi Beharreko Gaixotasunen (ABGen) tasen hedadura-mailaren arabera egokitu dira, prozesuak bi kategori (transmisio digestiboko patologia eta airetiko transmisioko patologia) erabiliz taldetu direlarik.
    Biztanleriaren datuak 1986ko Erroldarako eta 1991ko Zentsurako EUSTAT-ek (Estadistikako Euskal Erakundeak) argitaratutako datuak dira. Zentsuen bitarteko urteetako biztanleria interpolazio eta estrapolazio linealaren bidez estimatu da.
  2. Erresistentzia bakterianoen ebaluazio-azterketa
    Zenbait prozesutan sarrien inplikatutako mikroorganismek antimikrobianoekiko duten erresistentzien datu mikrobiologikoak 1998ko urtarriletik aurrera bildu ziren. Datuok arnas patologia altuan (S. pneumoniae, S.. pyogenes, H. influenzae prozesuetan) gernu-infekzio ez-konplikatuan (E. coli prozesuan) eta tratamendu antibiotikoa izan dezakeen berazko infekziosoan (C.jejuni-k eragindakoan) sarrien inplikatutako mikroorganismoei dagozkie.
    Datuon iturri Arantzazu Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuko artxiboak izan dira. Lortutako datuak Gipuzkoako Lurralde Historikoarenak dira, eta zepa erresistenteen portzentajeetan adierazi dira.
    E. coli-ri dagokionez, Donostiako osasun-barrutiko ospitaletik kanpoko jatorridun gernu-infekzioak hautatu dira. Suszeptibilitatea aztertzeko salda-mikrodiluzioa erabili da.
    Streptococcus pneumoniae eta Streptococcus pyogenes kasuetarako ere salda-mikrodiluzioko sistema erabili zen; H. influenzae eta Campylobacter jejuni kasuetarako, berriz, erabilitako teknika disko-difusioa izan zen.
    Kasu guztietan kontuan izan ziren suszeptibilitate-iritziak, NCCLS-ak (National Comittee for Clinical Laboratory Standards delakoak) 1997an deskribatutakoak izan ziren.
  3. 1988-1997 aldian EHAEko kontsumo antibiotikoak izandako eboluzioa eta kontsumo horrek morbilitate infekziosoarekin eta erresistentzia bakterianoekin duen erlazioa.
    1988 eta 1997 urte bitarteko ATB-kontsumoari buruzko atzeranzko azterlan deskriptiboa. Osasun eta Kontsumoko Ministraritzako ECOM datu-baseak erabili dira.
    Kontsumoko datuak eguneko dosi definituetan (EDD-etan) 1.000 biztanleko eta eguneko (BED-etan) adierazi dira, OMEren gomendioe jarraituz. Erreferentzia-balioei dagokienez, WHO Collaborating Centre for Drug Statistics-ek (Anatomical Therapeutical Chemical Classification Index, 1998) argitaratutako datuak erabili dira. Erlazio horretan sartuta ez dauden printzipio aktiboei dagokienez, berriz, EDDak determinatzeko Servicio Andaluz de Salud delakoaren lan-taldeak gomendatutako eguneko dosiak erabili dira, aipatutako zerrendan laborategi egilearen gomendiorik egon ez denean.
    Ondoko atalak BEDetan aztertu dira: ATBen kontsumo globala, ATBen talde terapeutikoen araberako kontsumoa, sortzapen- eta administrazio-bidezko zefalosporinen kontsumoa eta makrolidoen kontsumoa.
  4. Indikazio-preskripzio antibiotikoari buruzko azterlan deskriptiboa.
    Zeharkako azterlana egin da ondoko helburua kontuan hartuta: gaixotasun infekziosoko kontsultan egindako preskripzioak ezagutzea, lehen mailako atentzioko Osakidetza/SVS-eko sareko medikuen (mediku orokorren eta pediatren) eskariari jarraituz.
  5. Lehen Mailako Atentzioan ATBak egoki erabiltzeko gomendioen laborazioa.
    Literatura zientifikoaren bibliografia berrikusteko datu-base bibliografiko hauek erabili dira: Medline, Embase, Cochrane Library, Best Evidence eta International Network of Agencies for Health Technology Assessment (INAHTA) ].
    Azterketa egin aurretik ezarritako inklusio-iritziak betetzen dituzten kalitate-azterlanak identifikatu eta hautatu dira. Azterlan nabarmenetarikoen ebidentzia-taulak sintetizatu eta aurkeztu dira.
  6. Kontsumo antibiotikoaren ebaluazio ekonomikoa
    Aztertutako aldian antibiotiko-kontsumoaren zenbatekoa guztira kalkulatu da. Gastuaren gehikuntza erreala estimatzeko bide-pezetak pezeta konstanteetara egokitu dira, urteko Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI-ak) erabiliz, eta 1997ko urtea oinarritzat hartu delarik.
    Indikazioa-preskripzioa aztertu ondoren, zera erabaki da: zenbat aurreztu zitekeen estimatzea, antibiotikoen erabilerarik indikatuta ez duten infekzio birikoetan antibiotikoa preskribatu ez bazen.

EMAITZAK

Transmisio digestiboko morbilitate infekziosoak behera egin du %25ean aztertutako aldian, airetiko transmisiokoak, berriz, %28,5ean; azken beherapen hori gripeak (%42ko beherapena) izandako beherapenari leporatu behar zaio, eta neurri txikiagoan neumoniak (%33koa) eta Airetiko Arnas Infekzioak (%24koa) izandakoei.

Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan (EHAEan) 1997ra arte ezagututako erresistentzien artean hauek azpimarra daitezke: S.pyogenes-arenak, 1994an makrolidoekiko %17ko erresistentia eta 1995ean %38koa; H.influenzae-arenak, 1990ean pelizilinekiko %37ko erresistentzia eta oraintsu agertu diren fluorkinolonekiko erresistentziak; S.pneumoniae-arenak, penizilinekiko %55eko erresistentzia; 1990-1995 aldian makrolidoekiko %19ko erresistentzia eta kotrimoxazolarekiko %70eko erresistentzia; E.coli-arenak, anpizilinarekiko %50eko erresistentzia, kotrimoxazolarekiko %20koa eta kinolonekiko %12koa. Gaur eguneko zifrak hauek dira: S.pyogenes-ak eritromizinarekiko %13,4ko erresistentzia agertzen du; H.influenzae-ak, penizilinarekiko %45,4koa; S.pneumoniae-ak penizilinarekiko %12,2ko erresistentzia partziala eta %33.3ko erresistentzia altua; eta azkenik, E.coli-ak, azido pipemidikoarekiko %16.6koa eta ziprofloxazinoarekiko %27,7koa.

ATBen kontsumoak apur bat gora egin du 1988ko 18,5 BEDtik 1996ko 22,9 BEDra arte, 1997an 20,2 BEDra jaitsi delarik. EHAE osoan Gipuzkoa da gutxien kontsumitzen duena. Penizilinak dira gehien erabilitako azpitaldea (kontsumo totalaren %33 eta %46 bitartekoa, urteen arabera) eta bere erabilera progresiboki gutxitzen joan da. b -lactamasen inhibidoreei asoziatutako penizilinen kontsumoa hiru bider gehitu da aztertutako aldian (1988ko 1,60 BEDtik 1997ko 4,197 BEDra arte), 1997an ATBen kontsumo globalaren %20,7a izan zelarik. 1997an makrolidoak dira ATBen kontsumoaren %12,9a. Kontsumo hori 4 bider gehitu da 1988tik aurrera, 1988ko 0,69 BEDtik 1997ko 2,60 BEDra pasatu baita.

Zefalosporinak ATBen kontsumoaren %7,23a izan dira 1997an; kontsumo hori bost bider gehitu da aztertutako aldian zehar. Kinolonen kontsumoak gora egin du 1988ko 0,0264 BEDtik 1997ko 1,0736 BEDra arte, 1997an kontsumoaren %5,3a izan delarik.

Gernu-antiseptikoen erabilerak egonkor jarraitzen du, gaur egun ATBen kontsumo totalaren %4,3a delarik.

ATBen preskripzioaren egokitasunari dagokionez, ATBen 3.182 infekzio aztertu ziren eta, berrikuspen bibliografiko zabala egin ondoren landutako erreferentzia-patroiekin konparatu ziren. Aztertutako kontsultetatik %68,6, ATBen erabilerarik indikatuta ez duten infekzioak dira (eztul arrunta, bronkitis akutua, gripea eta gastroenteritisa). Kasu horien %28,5ean ATBak erabiltzen dira (IC: 26,6-30.5). Aurretik bronkitis akutua dago, %90,7arekin (IC: 87,3-93,4). Indikazio ez-zunena ATBen preskripzio totalaren %39,7a da (IC: %37,2-42,1), eta hori beste modu batera esanda 1.155 milioi pezetako premiagabeko urteko gastua da.

ATBak indikatuta dituzten infekzioetan (totalaren %31,4an), ATB desegokia aukeratzen da 30,5ean (IC: %22,8-31,2). Guztira, tratamendu globalaren egokitasuna %70,9koa izan zen (IC: 69,3-72,5).

Erreformatutako sarean lan egitea preskripzio hobeari asoziatu zitzaion kasu guztietan. Pediatrek hobeto preskribatzen dute ATB-tratamendurik behar ez duten infekzioen kasuei dagokienez, eta txartoago indikatuta dutenei dagokienez.

ONDORIOAK

Patologia infekziosoaren intzidentziak beheranzko eboluzioa agertzen du azken urteotan; joera horrek ez du eraginik izan antibiotikoen kontsumoan, aztertutako aldian kontsumo hori egonkor agertzen baita. Hala eta guztiz, erabilera-profilak erabateko aldakuntza izan du. Antibiotiko klasikoak baztertuta geratu dira eta horien ordez espektro zabalagoa duten eta garestiagoak diren antibiotikoak erabiltzen dira (makrolidoak, ondokook baztertu direlarik eritromizina, 2. eta 3. sortzapeneko zefalosporinak eta kinolonak). Lehen Mailako Atentzioko infekzio prebalenteenetan inplikatutako mikroorganismo printzipalen erresistentzia-mailak oso altu daude. Badirudi erresistentziaren eta kontsumo antibiotikoaren artean dagoen erlazioa baieztatzen dela.

Batez ere etiologia birikoko prozesu infekziosoetan antibiotikoak asko erabiltzen dira (bide altuetako eztuletan, gripean, bronkitis akutuan). Antibiotiko horiek preskripzio antibiotiko guztiaren %40a dira, eta 1.000 milioi baino gehiagoko premiagabeko gastua dira EHAEan.

ATB-tratamendua indikatuta duten prozesuetan (amigdalitis, otitis, gernu-infekzio, sinusitis, neumonía eta hortz-infekzioan), ATB desegokia hautatzen denean, hautapena espektro zabaleko antibiotikoen lepora egiten da (makrolido berrien, zefalosporinen eta amoxizilina-klabulanikoaren lepora).

Preskripzio desegokian profesionalarekin erlazionatutako zenbait faktorek (jarrera eta prestakuntza bezalako faktoreek) garrantzi handiagoa dute pazienteen ezaugarri klinikoek baino.

ATBen preskripzioan/kontsumoan sakondu beharra dago, lan honetan ikusi ez diren aspektu berriak, hots, profesionalen jarrerak, mediku-paziente interrelazioa, automedikazioa eta automedikazioan farmazi bulegoek duten zeregina aztertuz.

Honako lan honek ematen dizkigun gakoetan saiatu behar gara preskripzio arrazionalagoa lortzeko. Gako horien artean, besteak beste, hauek daude: ATBen preskripzioan protagonista guztien lankidetza multidiziplinarra eta Prestakuntza Mediko Iraunkor (PMI) efikaza. Berriro planteatu beharra dago antibioterapiari buruzko prestakuntza iraunkorrean gaur egun ditugun estrategiak.