Loaren Apnea-Hipoapneen Sindromeak (LAHS-ak) ezaugarri hauxe du: loaldian zehar goiko aire-bidea butxatu egiten da behin eta berriro, butxadura-episodio horiek oxihemoglobinaren etenik gabeko ez-saturazioak eta itzartze iragankorrak sortarazten dituztela. Itzartze horiek direla-eta, loaldiak etenak ditu, loa ez da indarberritzailea eta egunez gehiegizko logura gertatzen da. Zenbait adituren iritziz, LAHSak eragin handiagoa du gaixotasun kardiobaskularretan eta trafikoko istripuetan.
LAHSaren prebalentzia altua da. Ikerlan desberdinen arabera, hauxe da prebalentzia biztanleria heldu orokorrean: %2,2tik %6ra bitartean gizonezkoetan, eta %0,8tik %2ra bitartean emakumezkoetan. Haur-biztanleriari dagokionez, %1etik %3ra bitartekoa da. Prebalentzia altua izateak batetik, eta euskal sare sanitarioan, haren atentzioari dagokionez, lortu den hobekuntzak bestetik, aurreikusarazten dute asistentzia-eskaera nabarmen handiagotuko dela eta ekonomia- eta antolamendu-ondorio garrantzitsuak ekarriko dituztela.
Ebidentzia zientifikoaren analisia
Lanaren lehen zatia ebidentzia zientifikoaren azterketa bat izan da. Alde batetik aztertu da SAHSak gaixotasun kardiobaskular eta trafikoko istripu gehiago egoteko arrisku gehituarekin duen erlazioa, eta bestetik tratamendu desberdinen efektibitatea aztertu da.
Kostu-efektibitate azterketa
Kostu-efektibitatea aztertu da, SAHSaren historia naturala ordezkatzen duen Markov eredua erabiliz. Ereduak, batetik, SAHSak eskatzen dituen aldaketak erreproduzitzen ditu, bai kalitateari bai bizi-itxaropenari dagokienez eta, bestetik, bi aukera konparatzen ditu: bata, SAHSaren tratamendua CPAParen bidez, Txagorritxuko ospitaleko Lo-unitatean egiten den bezala, eta bia aukera hauxe: pazienteak euren eboluzio naturalarekin uztea tratamendurik gabe. Bi aukeren efektibitatea eta kostua kalkulatu dira eta kostu/efektibitate ratioaren bidez konparatu.
Azterketa osatzeko, sentsibilitate-azterketa egin da adina, sexua eta CPAParekin egiten den tratamenduaren erabilgarritasuna kontuan izanda.
Bilaketa bibliografikoan 13 entsegu kliniko aurkitu dira. Berak aztertzerakoan, muga garrantzitsuak eta arazo metodologikoak dituztela ikusi da. Alde batetik, ez dira hasten gaixotasunaren definizio arruntatik, guztiak dira iraupen laburrekoak eta pazienteen kopurua tikia da entsegu guztietan. Beste alde batetik, erabilitako emaitzen neurketa-tresnak desberdinak dira ikertzaile-taldeen azterketetan, azterketa batzuek larritasun desberdineko pazienteak nahazten dituzte eta ez dago azterketa multizentrikorik. Aipatutako mugak gora-behera, CPAParekin egindako tratamenduak hobetu egiten du tratatutako pazienteen logura eta, ondorioz, beren bizi-kalitatea ere bai.
Ez dago entsegu klinikorik LAHS tratamenduek epe ertain eta luzean duten eragina aztertuko duenik gaixotasun kardiobaskularrei edo istripuei dagokienez. Gai horiei heltzen dieten behaketa-azterketa batzuk badaudenez, azterketa horietan oinarritu gara kalkulatzeko zer nolako eragina duen CPAParekin egiten den tratamenduak paziente horien bizi-itxaropenean, gaixotasun kardiobaskular eta trafiko-istripuen arriskua gutxiagoa denez gero.
Kostu/efektibitate azterketaren emaitzak zera erakusten du, paziente tipo batentzat, hots, hil arte CPAParekin tratatu izan den 55 urteko gizonezko batentzat, Kalitatearen Arabera Egokitutako Bizi-urte (KAEB) bakoitzeko irabazitako kostua 1.923.422 pezetakoa dela (11.560 Euro). Sentsibilitate-azterketan, aldagai desberdinak aldatuta, kostu-efektibitate ratioa 3.000 eta 17.000 euro bitartean kokatzen da KAEB bakoitzeko.
Beraz, LAHS larriaren tratamendua praktika kostu-efektibotzat har daiteke asko erabili diren beste batzuekin konparatzen denean, adibidez, hipertentsioaren edo fibrinolisiaren tratamenduarekin, zeren kostu/efektibitate ratioaren balioak 20.000 euro/KAEBeko zifratik baino askoz ere baxuago aurkitzen baitira.
Gako-faktorea, eta, ondorioz, CPAParekin egiten den tratamendua justifikatzen duena, LASdun pazienteen bizi-kalitatearen hobekuntza da, zeren efektibitate inkrementala 12 bider handiagoa baita arrisku kardiobaskularraren hobekuntza baino eta 82 bider handiagoa trafiko-istripuen arriskua baino.
Masailezurra aurreratzeko protesiak tratamendu etorkizunekotzat jotzen da, baina oraindik azterketa gehiago behar dira, oro har gomendatzen hasi baino lehen. Azterketek argi esaten dute haren eraginkortasuna CPAParena baino baxuagoa dela.
Beste alde batetik, eraginkortasun gutxiagokoak dira, antza, LAHS larriko eta obesitate garrantzitsuko pazienteentzat. Beraz, bigarren tratamendu-ilaran gelditzen dira CPAPa toleratzen ez duten pazienteentzat; gaur egun martxan dauden azterketek hala frogatzen badute, LAHS kasu arin moderatuetarako erabil litezke.
Gure gomendioa da CPAPa erabiltzea bai baina 30eko edo gehiagoko Apnearen eta Hipoapnearen Indize (AHI) neurketak dituzten pazienteekin baita klinika gogorra edo komorbilitate asoziatua dutenekin.
Tratamendu alternatiboa, farmakoak edo kirurgia aukeratzeari dagokionez, ez dago ebidentzia nahikorik aukera horien erabilera gomendatzeko; zera gomendatzen da beraz, aukera horien erabilera entsegu klinikoetarako murriztea.