Isolamendu-tekniken azterketa eta tuberkulosiaren profilaxia ospitale-mailan.

Egileak:

De la Torre Romero, P.(*); Garay Pelegrín, V.; Sarasqueta Eizaguirre, C.; Lobo Beristain, JL.; Dorronsoro Quintana, S.; Bermejo Navas, MC.

Gako-hitzak MESH:

Tuberculosis, Prevention and control, Transmission and health care workers.

Sarrera:

Tuberkulosia gaixotasun kutsakorra da eta ospitaleetan transmititzeko arriskuak badu erlazioa biztanleria horretako gaixotasunaren prebalentziarekin eta zentro horietako prebentzioko eta kontroleko neurriekin.

Helburuak:

Hauexek jakitea, tuberkulosi nosokomialaren gaur eguneko hedapena zein den, bera ebitatzeko neurririk eraginkorrenak zeintzuk diren eta bere egoera Euskal Autonomia Erkidegoan zein den.

Materiala eta metodoak:

Literatura berraztertzea ondoko bilaketa bibliografikoa erabiliz: "Medline"koa 1966-2000 urteen bitartekoa, "Health Star"ekoa (1.975-1.999), "Cochrane Library" eta "Best Evidence"koa (1.991-1.999) eta Estatu Batuetako gida-direktorioei buruzko web orriak (National Guidelines Clearinhouse, ATS, CDC, OSHA, NIOSH), baita Gidari Kanadarrari buruzkoak eta INAHTAri buruzkoak ere. Adituen iritziak ere sartzen dira (CDC-94 arautegia, gida kanadarra eta britaniarra).

Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleentarako inkesta.

Azterteka ekonomikoa:

Ez da egiten, baina prebentzio-neurri batzuen kostu-efektibitateari buruzko azterlanak baloratu egiten dira.

Emaitzak:

Literatura berraztertzetik ondorio hauxe atera daiteke: tuberkulosi nosokomila gertatu egiten dela, nahiz eta Bretainia Handia bezalako herrietan arazotzat hartu ez, tuberkulosiaren tasa 10a baino txikiagoa delako 100.000 biztanleko.

Aipatutako berrazterketan eman den denboran ez da deskribatu tuberkulosiaren pujarik, ez eta tuberkulina-bihurketaren gehikuntza esanguratsurik, CDC-94 arautegia, edo 90ekoa ere, betetzen duten ospitaleetan.

Edozein prebentzio-programaren neurriak ordena ierarkikoz egituratzen dira, efektibitatearen arabera. Lehenengo eta behin neurri administratiboak ditugu (merkeenak, gainera), hots, funtzionamendu-protokoloak eta isolamendu-irizpideak. Badira beste neurri administratibo batzuk, hots, tuberkulinaren kontrolak eta pertsonalaren tuberkulosi-infekzio ezkutuaren tratamendua, baina maila apalagoan sailkatzen dira. Bigarren, egiturazko neurriak eta kontrol teknikoak datoz; presio negatiboko isolamendu-gelei dagozkie batez ere. Beharrezkoa da baldintza tekniko egokietan mantentzea, zeren bestela tuberkulosi-baziloa hedatzen lagundu dezakete.

Babes indibidualeko sistemak kostu-efektibo gutxiagotzat jotzen dira, nahiz eta beren aportazio erreala ezagutzen ez den, tuberkulosi nosokomiala prebenitzerakoan. Berraztertutako bibliografiak, funtsez, gaur egun zuzentzat onartzen diren ekipoak (N-95 delakoa edo P1-P2 arautegi europarrak) baino kostu altuagoko ekipoak sartzen ditu. Inkesta egin zenean, Euskal Autonomia Erkidegoan tuberkulosiaren susmo-maila onargarria zegoen eta ospitale gehienetan protokolo idatziak zeuden; baina sare sanitario publikoko 14 ospitaleetatik 4k bakarrik zeuzkaten isolamendu-gelak; kopuru hori ez da nahikoa, eta gainera kasurik gehienetan ez dira erabiltzen behar den moduan.

Ondorioak eta gomendioak:

CDC-94 arautegia betetzeak tuberkulosi nosokomialaren prebentzioa segurtatzen du. Neurri administratiboak garrantzitsuenak dira efikazioa-ierarkia baten barruan. Behar-beharrezkoa da isolamendu-gelak behar den moduan mantentzea. N-95 arnasgailuak kostu-efektiboak dira, tuberkulosi-prebalentzia moderatu edo altuko tokietan behintzat. Langileei tuberkulina ipintzea behar-beharrezkoa da, arriskuaren monitorizazio-ikuspuntutik ikusita, baina erretesta txarto egiteak eta tuberkulosi-infekzio ezkutuaren osteko tratamenduak efikazia gutxitzen diote neurriari. BCGak bere papera du langile sanitarioen artean eta aintzakotzat hartzea merezi du. Arautegi europarreko balidazio-testaren baldintzak eta N-95 amerikarrekoarenak desberdinak dira; aipatutako arautegi europarrari jarraituz tipifikatutako FPP1, FPP2 eta FPP3 bezalako maskarilak gure sistema sanitarioan erabil daitezke, arrisku-mailaren arabera.

(*) Korrespondentzia: Donostiako ospitalea. Neumologiako Zerbitzua. Begiristain Dr. pasealekua z/g.20014 Donostia - San Sebastián (Gipuzkoa).