Gutiérrez, A; Taboada, J; Apesteguía, L, Arrizabalaga, R; Asua, J. Andreu, F.J.
Vacuum – assisted, breast biopsy, cost-analysis.
Data: 2005eko martxoa
Orrialdeak: 119
Erreferentziak: 80
Hizkuntza: gaztelera, english eta euskeraren laburpenak.
ISBN: 84-457-2364-2
Bularreko minbizia da mundu garatuko emakumeen osasun arazo larrienetako bat. Bularreko minbiziaren detekzio goiztiarreko programak (BMDGP) ezarri dira, pazienteen hilkortasuna gutxitzeko eta bizi kalitatea hobetzeko estrategiarik onena direlako. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan (EAE) 1995ean jarri zen martxan BMDGP eta EAEan bizi diren 50-64 urte bitarteko emakume guztiei zuzendua dago.
Programa hauekin detekta daitezke, besteak beste, inolako klinikarik man ez duten lesioak, hots, lesio ez haztagarriak deritzenak. Orain arte, berauen azterketarako erreferentziako teknika biopsia bat egitea zen interbentzio kirurgiko baten bitartez; horrek, edozein kirurgiatarako ezinbestekoak diren neurri guztiak eskatzen zuen, ondoriozko konplikazioen arriskua ere ahaztu gabe. Esan daiteke arazoari aurre emateko era hau nahiko erasokorra zela, batez ere kontuan edukita lesioen %70 tumore onberak gertatzen direla beren ikerketa anatomiko-patologikoa egin ondoren. 80ko hamarkadaren amaieran, larruazalean zeharreko ziztada teknikak ezarri ziren, ehunaren lagin bat lortzeko helburuaz, adibidez, Orratz Fineko Zurgapen-Ziztada (OFZZ) edo Orratz Lodiko Biopsia (OLB). 90eko hamarkadaren erdi aldera bolumen handiagoko laginak lortzea ahalbidetzen duten ziztada teknika berriak merkaturatu ziren, aztertu beharreko lesioa hobeki ordezkatzen dutenak.
kerketa proiektu honen helburua zera izan da, bularreko lesio ez haztagarrietan estereostaxia ez digitalaz gidaturiko larruazalean zeharreko bi ziztadura teknika diagnostiko berriren eraginkortasuna, segurtasuna eta kostuak ebaluatzea: Larruazalean zeharreko Eszisio Biopsia [LEB] (ABBI® - SiteSelect®) eta Hustasunaren bidezko Lagundutako Biopsia [HLB] (Mammotome® - Vacuflash®).
Aipaturiko teknikei buruzko ebidentzia zientifikoaren azterketa sistematiko bat, berauen analisi ekonomikoa eta Estatu mailan teknika hauek daukaten ezarpenaren maila ezagutzeko inkesta bat egin dira.
Analisi ekonomikoa: BAI Adituen Irizpidea: BAI
HLBaren eraginkortasuna eta segurtasuna ebaluatzen dituzten bi azterketa sistematiko eta 27 jatorrizko azterketa detektatu dira. Gezurrezko negatiboen proportzio gisa neurtuta, eraginkortasuna %0tik %3,3ra bitartekoa izan zen. Infiltrazioaren gutxiespena %0tik %15,74ra bitartekoa da. Desberdintasun hau bera ikusten da HLBko kalibre mota desberdinak konparatzean ere. 11G-ko orratz baten kasuan, gutxiespena %10,5 kasutan gertatu zen; 8G-ko orratzarekin, berriz, gutxiespena %4,3raino murriztu zen.
Teknika honek aurkezten dituen konplikazio ohikoenen artean, erreakzio bagala dago aurrena eta, ondoren, mina eta hematoma.
LEBari dagokionez, 4 azterketa sistematiko eta 25 jatorrizko artikulu hautatu dira. Teknika honetan, infiltrazioaren gutxiespena %2,2tik %8,3ra bitartekoa da. Estimatu diren gezurrezko negatiboen proportzioa %3koa da; dena dela ez dago parametro hau zuzen estimatzeko behar bezain segimendu aldi luzea egin zaion azterketarik. Hautatu diren azterketetatik ondorioztatzen da lesio gaiztoen kasuan, %72,61 alditan zelula kantzerigenoak zeudela lesioaren marjinetan. Konplikaziorik ohikoena hematoma da, estimazioen arabera %7,70etan gertatzen dena.
HLB (Mamotomo®) teknikarekin 2004 urtean eginiko proben guztizko kostua 506€-koa izan dela estimatzen da, LEB (Site-select®) teknikarekin eginikoena, 592€ eta Biopsia Kirurgikoarekin eginikoena, 1.184€.
HLBak nabarmenki hobetzen ditu 14G orratzarekin eginiko biopsiaren emaitzak, bolumen handiagoko lagina lortzen baitu, adierazgarriagoak alegia, diagnostiko fidagarriago bat ahalbidetuz, batez ere mikrokaltzifikazio gisa aurkezten diren lesio ez haztagarrien kasuan.
LEBa lesio ez haztagarrien erabateko erauzketa ahalbidetzen duen teknika da. Egon daiteke indikatua kasu bereizi batzuetan, lesio txiki bat, BI-RASDS 4 edo 5 kategoriakoa, zehaztasunez eta prozedura anbulatorioaren bitartez erabat erauzi nahi denean. Normalean, ez da prozedura baliagarritzat hartzen lesio gaiztoen erauzketarako.
Mamotomo® teknikaz biopsia egiteak %57,26ko aurrezpena suposatuko luke biopsia kirurgikoa egitearekin alderatuta. Era berean, Site-Select® teknikaz eginiko biopsiak ere biopsia kirurgikoak baino %50 kostu txikiagoa suposatzen du.
Espanian, bai HLB eta bai LEB ezarpen maila baxuko teknikak dira. Halere, teknika hauek badauzkaten zentroetan, %4tik %7,12ra BK egiten dituzte. Era berean, teknika hauek erabiltzen diren ospitaleetan, ez dauzkatenekin alderatuta, BKaren murrizpena sumatzen da, hain zuzen %43,12tik %5,56ra.
Lesio txarrak beren fase goiztiarrenetan detektatzeko helburuaz lesio onberen portzentaje baten biopsia egiteko premiak, ezinbesteko bihurtzen du kirurgiarik egin gabe diagnostikoa egitea ahalbidetzen duten prozedura guztiak pazienteen zerbitzura jartzea.
Txostenaren egileek ondorioztatzen dutenez, HLB gaur egun biopsia kirurgiko diagnostikoaren alternatiba ona d antzeko eraginkortasun diagnostikoa duelako eta ez hain erasokorra, kontuan edukirik lesio hauen %70 onberak direla. LEB lesio ez haztagarriak era anbulatorioan erauzteko metodo bat da, kirurgia konbentzionala baino zehaztasun handiagokoa eta indikatua egon daiteke zatitu gabeko lesioa erauzi nahi deneko kasu hautatu batzuetan.