Arrasateko (Gipuzkoa) "Unión Cerrajera" enpresaren instalazioetarako sarrerako eraikina, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean inskribatua izan da.


Union Cerrajera enpresaren instalazioetarako sarrerako eraikina. Acceso a versión ampliada de la imagen de muestra

Arrasateko "Unión Cerrajera" enpresaren instalazioetarako sarrerako eraikina pabiloi-segida luze baten erdian kokatzen zen, Deba ibaiaren eskuinaldean. Pabiloi horietako batzuk ibaiaren ibilguaren gainean zeuden, eraikin hau esate baterako. Eraikin gehienak desagertu egin dira eta, segur aski, geratzen dena multzo osoko enblematikoena da, bera arkitektura-kalitateagatik ez ezik, sarrerako eraikina izateagatik ere, multzoaren irudia ematen zuena hain zuzen ere.

Eraikina 1939an eraiki zuten Luis Astiazaran arkitektoaren proiektuaren arabera. Obraren alderdi guztiak arkitektura arrazionalistaren parametro garbienetatik egiten dira: hautatutako egitura-sistematik eta itxituretatik hasi eta fatxada-konposizioan erabilitako arkitekturaren adierazpideraino.

--» EHAA 201 zk. 2004ko urriaren 20koa -- »

--» orri-hasiera --» Orri-hasierara itzultzea

 

Ondarroako (Bizkaia) Vega Hotela, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean inskribatua izan da.


Vega Hotela. Acceso a versión ampliada de la imagen de muestra

Hotel Vega eraikina, hasieran Hotel de la Bahía, Pedro Guimón Eguiguren arkitektoaren gaztetako lana da. Pedro Guimón arkitektoa funtsezkoa izan zen XX. mendearen lehenengo erdiko arkitekturan, lan teoriko handia egin baitzuen euskal estiloa berpizteko, neovasco izenez ezagutzen dena sortzeko. Berak egindako eraikin asko bota egin dira; hotel hau da, beraz, arkitekto bikain honen lanaren testigantza ematen duten bakanetako bat.

XX. mendearen hasierako arkitekturaren erakusgarri da. Zenbait elementuri erreparatuz, modernismoaren barruan koka daiteke eta, daukan soiltasun dotore horrek decó artea iragartzen du, nahiz eta badituen Bizkaiko garai hartako arkitekturaren berezko elementuak ere.

--» EHAA 182 zk. 2004ko irailaren 22koa -- »

--» orri-hasiera --» Orri-hasierara itzultzea

 

Bergarako (Gipuzkoa) Agirre baserria eta garaia (Agerre edo Agarre izenez ere ezagunak), Monumentu Multzo izendapenaz, Kalifikatutako Kultura Ondasunaren Erroldan inskribatuak izan dira.


Agirre baserria. Acceso a versión ampliada de la imagen de muestra

Agirre baserria eraikin trinkoa da. Bere ezaugarri nagusiak, neurri handi batean, XVII. mendearen amaierako arku ugariko karrerapedun baserri barrokoaren tipologiarekin lotzen dira. Ia Deba Garaian bakarrik aurki dezakegun baserri-mota hau Euskal Herriko landa-etxebizitzaren arkitektura-kalitate handienetako bat duen modeloa da. Hla ere, Agirre baserriak, itxurazko diseinu eguneratuaren atzean XVI. mendeko dolaredun baserri gotiko zahar baten eboluzioa ezkutatzen du, bertako hainbat elementu gordetzen baititu.

Agirre garaia. Acceso a versión ampliada de la imagen de muestra

Baserriaren fatxada nagusiaren aurrean garaia dago. Agirre Garaia oholtza bertikaleko fatxadak dituen haritz-zurezko landa-eraikuntza da. Oinplano angeluzuzena du. Harrizko piramide-enbor itxurako lau zutaberi esker lurretik jasoa dago. Garaiaren sarreran atari estali bat dago. Bertatik, karraskarientzako hermetikoki itxita dagoen ganbera nagusira sartzen gara. Alboetan neurri bereko beste bi gela daude materiala kontserbatzeko eta lehortzeko.

--» EHAA 99 zk. 2004ko maiatzaren 27koa -- »

--» orri-hasiera --» Orri-hasierara itzultzea

 

Bernedoko (Araba) Arluzeako San Martin eliza, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean inskribatua izan da.


Arluzeako San Martin Elizak egitura konplexua du, eta tenpluaren etapa ezberdinak gainjartzen dira. Etapa horiek denbora tarte luzea betetzen dute. Lehenengo zatia XIII. mendekoa izan zitekeen eta beranduko estilo erromanikoko osagai nabarmenak ditu. Hurrengo mendeetan, XVIII.eko hasera arte, hain zuzen ere, hainbat elementu gaineratu zitzaizkien aipatutako horiei; elementu gotikoak, errenazentistak eta barrokoak. Eraikinaren zatirik handiena erromaniko-gotikoa da.

Eliza arroka biziaren gainean eraiki zen eta gorputz nagusiaz gain, hau da, nabeaz gain, hainbat elementu ditu hegoaldeko eta ekialdeko hormetara itsatsita. Hegoaldean elizpea eta dorrea daude, eta ekialdean, XIII. mendeko tenplu zaharraren absidean, sakristia. Hormetan silarria, silarrixka eta harlangaitza ditu, obraren fase desberdinen erakusgarri.

--» EHAA 58 zk. 2004ko martxoaren 25ekoa -- »

--» orri-hasiera --» Orri-hasierara itzultzea

 

Errezilgo (Gipuzkoa) Erdoiztako San Isidro baseliza, Monumentu izendapenaz, Kalifikatutako Kultura Ondasunaren Erroldan inskribatua izan da.


Erdoiztako San Isidro baseliza. Acceso a versión ampliada de la imagen de muestra

Erdoiztako San Isidro baseliza landa-inguruneko eraikin berezia da, arkitektura neoklasikokoa, 1808. urtean Pedro Manuel de Ugartemendiak egina. Arkitektura jasoa du, zentrala eta traza bihurrekoa, osaera zaindukoa eta erromatar mundua gogorarazten duten ezaugarriekikoa. Baselizak bolumen trinkoa ageri du, bi zilindro zentrokideren eraginez.

Kanpoko gorputza, 16 metroko diametroduna, zilindro-erako eraztun bat da, solairu bakarrekoa, eta bere inguru guztiaren erdia baino gehiago ataritarako da; atzeko aldean, aldarea eta hari datxezkionak hartzen ditu.

Barruko gorputz zentrala 10 metro diametroko zilindro bat da. Garaiagoa da; elizaurrearena egiten du, eta atrioaren gainetik nabarmentzen da danborraren gisan.

Multzo osoaren bolumena horma erakoa da, soila, eta hutsarteak txukun atonduta ageri ditu. Fatxada guztiak horma-atal lau bihurrez eratuak ditu, apaindurarik gabekoez.

Barrualdearen ezaugarri nagusia, bestalde, elizaurrearen gorputz nagusi zerbitzatua inguratzen duen atari zerbitzari bat, iragateko atari bat. Barrualdeak ere zilindro erako eremu bakarraren taxuari jarraitzen dio. Sarreraren aurrez aurre dago kokatuta aldare erdizirkularra, eta aldamenetan, 90 gradutara, bi kapera txiki daude.

Baselizak beste garai batzuetako lan batzuk erantsita ditu, eta horien artean, hormigoizko estalkia da txerrerako nabarmentzen dena.

--» EHAA 49 zk. 2004ko martxoaren 11koa -- »

--» orri-hasiera --» Orri-hasierara itzultzea

 

Erribera Beitiko (Araba) Quintanilla de la Ribera-ko San Esteban eliza, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean inskribatua izan da.


San Esteban eliza. Acceso a versión ampliada de la imagen de muestra

San Esteban elizak eraikuntza-fase desberdinak ageri ditu. Zatirik nagusiena XVI. mendekoa da, gotikoa, eta gainerakoa XVII. mendekoa, errenazentista eta barrokoa.

Eraikin exentua da, oinplano angeluzuzenekoa eta ekialde-mendebalde orientazioduna. Nabe bakarra du, eta burualde oktogonala kontrahormen artean. Hainbat elementu ditu gorputz nagusiari itsatsita: kanpandorrea burualde-inguruan; bi kapera aldarearen alde banatan; bataiarria albo batean eta sakristia berria burualde-inguruan.

Sarrera hegoaldetik du, bi kontrahormen artean dagoen portada plateresko handi batetik. Bi gorputz ditu eta, erremate gisa, frontoi triangeluar bat, erdi-puntuko arku bat egiten duen argiztapen-bao batek apurtzen duena.

Nabe nagusiak hiru zati ditu: lehenengoak, motzenak, koruaren espazioa hartzen du, erdikoak sarrerarena eta hirugarrenak aldarearen zati bat. Azken hori burualdearen aurrean dago. Espazio etengabe hori guztia estaltzeko -burualdea barne-, nerbiodun hainbat ganga daude jarraian. Ganga guztiak dira harrizkoak. Era berrean estaltzen dira alboetako kaperak.

Dorreak oinplano ia lauangeluarra du. Dorrearen azpian sakristia zaharra dago. Bi sarbide ditu, bata aldaretik eta bestea alboetako kaperetako batetik.

--» EHAA 32 zk. 2004ko otsailaren 17koa -- »

--» orri-hasiera --» Orri-hasierara itzultzea

 

Bergarako (Gipuzkoa) Eduegi Baserria, Monumentu izendapenaz, Kalifikatutako Kultura Ondasunaren Erroldan inskribatua izan da.


Eduegi baserria. Acceso a versión ampliada de la imagen de muestra

Eduegi baserria Bergarako Aldaiegia auzoan dago, San Cristobal auzoa ere deitua.

Baserria mendi-hegalaren erdialdean dago. Familia-bakarreko eraikin isolatua da, oin laukidunekoa eta bi isurialdeko teilatua daukana, fatxada nagusiarekiko galdur perpendikular batekin. Harlangaitzak, harlanduak (izkinetan) eta baoak ditu. Bi solairu eta eraikinaren eskuinaldean soto-upelategia dauzka.

Eduegi Deba Garaiko XVI. mendeko baserri-dolareen bilakaeraren eta egokitzapenaren adibide bikaina dugu. Gotiko-berpizkunde garaiko baserri mota bat da, Gipuzkoako eremu geografiko honetara mugatua dagoena (Deba Goiena eta Urola Garaia). Baserria mendi-hegaleko erdialdean kokatzeak suposatzen duen desoreka soto eta biltegi modura erabiltzeko erdi-sotoa profitatzea du ezaugarri. Horren ondorioz, goialdean altxaturikoa asimetrikoa da eta aldeko paretak altuera desberdinekoak.

Barroko Aroan eraikina eraberritu egin zen eta baserri zaharrari arkupedun zatia atxiki zitzaion. Horrek, fatxadan dagoen armarriarekin batera prestutasun dotorea emateaz gain trantsiziozko esparru funtzional berri bat sortzen du kanpoaldearen eta baserriko barrundegiaren artean.

--» EHAA 23 zk. 2004ko otsailaren 4koa -- »

--» orri-hasiera --» Orri-hasierara itzultzea

 

Kortezubiko (Bizkaia) Etxandi Baserria, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean inskribatua izan da.


Etxandi baserria. Acceso a versión ampliada de la imagen de muestra

Etxandi Baserria Kortezubiko Terlegiz auzoan kokatuta dago eta dentsitate txikiko ingurunea dauka; mendialdean dago eta eraikin berri batzuk baditu inguruan.

Baserriaren ezaugarria herri-arkitektura da. Erdian ataripea dauka eta osoko zutoinez osatutako egitura. Bi isurkiko estalkia eta mirubuztana dauzkan baserria da; beheko oina, lehenengo oina eta teilatupekoa dauzka.

Fatxada nagusia hego-ekialdera orientatuta dago eta hiru gunetan banatuta. Erdiko gunea da zabalena eta harrizko oinarrien gainean dauden egurrezko bi osoko zutoinen artean kokatuta dago; zutoinak estalkiaren alturaraino iristen dira. Sarrerako arku zuzeneko ataripea berezia da; gune honetako beheko oin osoa hartzen du. Egurrezko habe bat dauka eta erdian zutabe toskanarra, kiribildurazko kapitela duela.

Barrualdean nabarmentzekoa da egitura nagusia egurrezkoa dela; hainbat osoko zutoin ditu, zutikoak, besoak eta mihiztaduraz egindako loturak.

--» EHAA 233 zk. 2003ko azaroaren 28koa -- »

--» orri-hasiera --» Orri-hasierara itzultzea

 

Lezamako (Bizkaia) Lezama Dorrea, Monumentu izendapenaz, Kalifikatutako Kultura Ondasunaren Erroldan inskribatua izan da.


Arboledako Meatze-auzunea. Acceso a versión ampliada de la imagen de muestra

Dorrea Lezamako Aretxalde auzoan kokatuta dago.

XVI. mendeko eraikina da. Hareazko harlanduzko lanez egina, bolumen prismatiko sinple, trinko eta liraina du. Bolumena murarioa, soila eta ia baorik gabekoa da. Fatxadak hormatal leunak eta apaindurarik gabekoak dira. Haren hermetismoak eta sendotasunak gotorleku-itxura ematen diote, ia ez baitu ezaugarri militarreko beste elementurik.

Dorreak oin karratua du, alde bakoitzeko hamar metro inguru; 16 metro inguruko altuera, eta teila zeramiko makurreko lau isuriko estalkia. Beheko oina, hiru altuera eta teilatupeko oina ditu.

Hegoaldeko fatxadaren alde osoan baserri bat erantsita duenez, fatxadaren hormaren zati bat eta mandioa ezin dira ikusi.

Sarrera ojiba-arkukoa da, eta dobelen gainean, honako inskripzio hau duten lau lauzako multzo bat dago: "El marques de la Torrecilla, Torre Lezama, Conde de Aramayona", eta Butroi eta Muxikako armarriak dituen ezkutu zatitua azaltzen da.

--» EHAA 226 zk. 2003ko azaroaren 19koa -- »

--» orri-hasiera --» Orri-hasierara itzultzea

 

Valle de Trápaga-Trapagarango (Bizkaia) La Arboledako Meatze-auzunea, Monumentu Multzo izendapenaz, Kalifikatutako Kultura Ondasunaren Erroldan inskribatua izan da.


Arboledako Meatze-auzunea. Acceso a versión ampliada de la imagen de muestra

Egungo Trapagaran udal-barrutiaren barruan dago, mendiz inguratutako ibar txiki batean. 1877an sortu zen, eta auzune garrantzitsu zen jada. Hasera batean egurrezko etxolatzarrak eraiki ziren, meategien albo-alboan, ostatu premiari erantzuteko. Eraikin horiek behin-behinekoak izateko, bazegoen beste arrazoi bat ere, hots: edozein momentutan, meatze-ustiapenaren gorabeherak horrela aginduta, beharrezkoa izan zitekeen etxolatzarrak botatzea edo lekuz aldatzea. Halaz eta guztiz ere, auzunea sendotzen joan zen. 1887an bi etxetatik bat harriz egina zen. 1911 urtean berriz 3000 pertsona bizi omen ziren bertan, eta herri nabarra zela zioten.

Hirigintzaren aldetik, sare-tankerako eskema jarraitzen du, plaza zentral baten inguruan. Plaza honen inguruan multzoa antolatzen da, eta bertan kokatzen dira herriaren zenbait ekipamendu: plazaren mutur gorenean San Salvadorren eliza; horren aurrez-aurre, musikarako kioskoa; eta sindikatuen etxeak, hala nola, Herriaren Etxea. Plaza luze hau lurzoruaren gorenezko maldaren norantzan luzatzen da. Kaleak berriz plazarekiko elkartzutak dira, maldaren sestra-marrak jarraituz.

Momentu historiko hartako hiru etxe mota mantentzen dira, meatze-langileen etxeen erakusgarri direnak:

a) Egurrezko etxeak. Meatze-etxetzarrenetik gertuen daudenak dira. Halaz ere, eredua eraldadatua izan da; egituran, eraikuntza materialetan eta barne-antolamenduan aldaketak jasan ditu. Jatorrian etxebizitza bakoitza sukaldeak eta gela bakar batek osatzen zuten.

b)Pisutan antolatutako etxe askeak, balkoididunak.

c) Orconera Iron Ore Konpainiaren irizpideak jarraitzen dituzten etxebizitzak, eraikuntzaren aldetik. Bi familiatarako ilarako-etxeak dira. Hiru edo lau ilarako multzoak sortzen dituzte eta irregularki antolatuak daude.

--» EHAA 222 zk. 2003ko azaroaren 13koa -- »

--» orri-hasiera --» Orri-hasierara itzultzea